Ke artean galduta
2007 Urtarrila 27
Azken urte hauetan, Gipuzkoan zaborra dela-eta kalaka itzela zabaldu da.
Egun miragarri batean, Foru Aldundiko teknikariren bati otu zitzaion modu honetan zaborra sortzen jarraitzen bagenuen urte gutxiren buruan, San Markos-eko zabortegia bete egingo zela eta ez genukeela zaborra non bota izango.
Baina iritsi da eguna, San Markos-eko mankomunitateko zabortegia betea dago, urtarrilaren lehenean erabiltzeaz utzi beharko genukeelarik, nahiz eta, gaur egun oraindik irekita egon.
Arazo honen aurrean, erakundeak irtenbideak bilatzen saiatu dira, zenbait proposamen egin dira (konpostaia, errausketa,…), baina guztien artean indar gehiena duena errausketarena da, metodo guztietan errazena, sortutako zaborra erretzea.
Errausketaren aldeko apustua egin eta nahikoa eztabaida sortu ez eta non jarri behar den erabakitzean gaiak denei eskuetatik ihes egin die.
Hasiera batean, Urnietan jarri behar zela esan zuten, herriaren kexen aurrean amore eman zutelarik. Ondoren, Pasaia ingurura eraman zuten, bertan ere gauza bera gertatu zelarik. Egoera horretan, Foru Aldundiak errauskailuak, Donostian, zabor gehien sortzen den inguruan egon behar zuela erabaki zuen. Geroztik, Donostia errauskailua non jarri erabakitzen ari da.
Errauskailua jartzeak segurtasun neurri batzuk eskatzen ditu, adibidez, 2 kilometroko erradioan ezin da etxebizitza edo auzorik egon. Errauskailu batek kutsadura sortzen duela denok dakigun gauza da, nahiz eta batzuek hori ere disimulatu nahi duten.
Bada ezpada, Donostiako Udalak bere hiri dotoretik urrun nahi du errauskailua, horretarako Zubietara bidali duelarik, Donostia inguruan dagoen gune berderik handiena. Inon kutsadurak inpaktu handia badu, hori Zubieta da.
Erraustegia Zubietan jarriko den zurrumurruak bertako herritarrak protestara jotzea eragin du. Proposatu duten lekuak ez du 2 kilometroko perimetro hori errespetatzen eta horren aurrean protesta egitea erabaki dute. Erraustegiaren aurkako taldeak sortu dira, euren eskaera eta proposamen alternatiboak egiten dituztelarik.
Erakundeek, protesta horien aurrean, Alemanian hiri erdian errauskailu bat dagoela erantzuten dute, horrela eztabaida ekiditen saiatzen direlarik. Baina eurek aurkezten duten argudio berarekin, esan diezaiekegu, Alemaniako eredua jarraitu nahi badute, Donostiako Antiguo edo Amara auzoan erraustegia jartzeko, ZABOR GEHIENA SORTZEN DEN TOKIAN hain zuzen.
Horrelako erabaki batek hausnarketa sakona eskatzen du, eta seriotasuna behar da gauza guztien gainetik, ezin baita gizartea nahi duten moduan engainatu. Errespetua behar zaie, batez ere, arazoa zuzentzeko nahian bestelako proposamenak egiten dituztenei, izan ere, ez dugu ahaztu behar benetako arazoa zein den, txikikeria eta tentazio politikoetan erori gabe.


Iruzkin bat “Ke artean galduta”
01
Erraustegia kokatzeko egin duten azken proposamenak 2 kilometrotako segurtasun tartea betetzen ez duela ikusteko hona hemen argazkia:
http://eneko.webmelia.com/zubietanerraustegia.JPEG.jpg
Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.