Gazte eta ohore
2007 Otsaila 16
Gaztaroa igaroa duen pertsona askok dio gustura itzuliko liratekeela bizitzaren garai honetara. Ezin ukatu garai polita dela, baina, aldi berean, kezkaz betetako aroa dela ere ukaezina iruditzen zait. Oraindik ez dakit bizitzak niretzako gordeak dituen opariak zein diren, ez dakit eta ez dut jakin nahi, etorriko dira, baina, gazteak garenean jasotzen ditugunak baino okerragoak badira…ene!
Ni gaztea naiz eta gustuko dut gazte sentitzea, hortaz ezin naiz kexatu, baina, guk ere momentu txarrak ditugula argi dagoela iruditzen zait. Zoritxarrez askok ez dute horrela ikusten, gazte izatea gauza onekin bakarrik lotzen baitute, baina guk ere baditugu kezkak. Buruhausteak izateko eskubidea ere kendu nahi digute ala?
Lehenik eta behin ikasketak ditugu. Heldu askok diote lan munduarekin ez konparatzeko, baina ea, egunean sei ordu igarotzen ditugu ikasgelatan, eskolatik atera eta eguneko ,gutxienez, beste bi ordu egoten gara etxeko-lanak egin eta ikasten. Honekin jada heldu baten eguneko lanorduak ase ditugu, baina, jarrai dezagun. Ondoren eskolaz kanpoko ekintzak gehitzen badizkiogu, gurasoek etxean jartzen dizkiguten egitekoak, etab. Gure eguna ezerezean geratzen da helduenaren antzera.
Bigarrengoz lagunak. Hauek ez nituzke arazo bezala hartu nahi, baina adina dela eta, nire ustez, hau izaten da lagunartean liskar gehien izaten den garaia. Momentu oso onak igarotzen ditugula ezin ukatu, baina lagun taldeen arteko istilu gehienak gure adinarekin gertatzen direla ere begi-bistako deritzot.
Bada zerrenda honi gehitzeko hirugarren “arazo” bat, maitasuna. Adituek diotenez gaztaroan hormonak aztoratuak izaten ditugu. Horren ondorio, mutilok neskatan eta neskek mutiletan egiten dugu garai honetan. Nahiz eta, honek gozamenezko momentu batzuk ekarri, beste askotan buruhauste besterik ez dira, bihotzeko minak sarritan beste edozein zauri baino mingarriagoak izaten baitira, tamalez. Baina bihotz kontuez nobela bat idatz dezakedanez blog honetan egingo dudan bigarren sarreran jardungo naiz horretaz.
Azken arazo bat aipatzea gustatuko litzaidake. Nire ustez gazteok asko dugu esateko, baina ez dago inor gu entzuteko prest, inork ez gaitu entzun nahi. 18 urte baino gutxiago izateak askotan hitz egiteko eskubidea ere kentzen digu. Zergatik behar dugu beti gure ahotsa izango den helduren bat? Zergatik ezin dugu guk zuzenki pentsatzen duguna kasu askotan esan? Erantzun erraza, 18 urte ez ditugulako.
Berriro ere hasitakoarekin bukatuz, helduen gehiengoak gaztaroa krixtona dela esaten badu, nola izango ote da gure bizitza hemendik urte batzuetara? Auskalo! Baina kasu hauetan beti esaten dena, goza ezazu oraina, geroa ere gozatzeko!!


Hona hemen gazteen inguruko zenbait web orrialde:

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.