Wikipediaren ustez, Euskara Grial Santua da.

2007 Martxoa 2

Wikipediaren ustez, Euskara, Grial Santua da.

Zenbaitzuk gogoan izango dituzue Harrison Ford aktoreak Indiana Jones and the Last Crusade (Indiana Jones eta Azken Gurutzada. 1989) filmean bizi izandako abenturak. Steven Spielberg zuzendariak asmatutako pertsonaia protagonistatzat duen hirugarren filmean, Indyk bere aita aurkitu nahi du, baina naziekin egiten du tupust. Soldadu alemaniarrak Grial Santua bilatzen ari dira, hura eskuratzen duenari betiereko bizitza emango baitio. Film hori ikusi ez duzuenok, agian The Da Vinci Code (Da Vinci Kodea. 2003) best-sellerra irakurri duzue. Edo Umberto Ecoren Il pendolo di Foucault (Foucaulten pendulua. 1988). Liburu horietan ere Grial Santua agertzen da. Kondairak dioenez, Grial Santua kaliza da, Arimateako Josek Kristo Gurutziltzatuaren odola jasotzeko erabili zuen edalontzia. Edalontzi hori Azken Afarian erabili zuen Kristok.

Wikipedian, zientziaren “grial santu”en zerrenda bat argitaratu dute. Grial Santua istorio baten misterioa gordetzen duen bezala , gaur egungo zientziaren misterioak zerrendatu dituzte.

Zerrenda hainbat ataletan sailkatu dute: arkeologia, astronomia, biologia, medikuntza, informatika, kosmologia, ekonomia, psikoterapia, zinema, matematika, fisika eta hizkuntzalaritza. Bizitza estralurtarra topatzea, materia ilunaren izaera ulertzea, gizakien hilezkortasun biologikoa lortzea, kode genetikoaren informazio guztiak nola funtzionatzen duen jakitea, HIESaren kontrako txertoa asmatzea, ordenagailu kuantikoa garatzea, unibertsoaren adina ezagutzea, Riemannen eta Hodgeren hipotesiak frogatzea, grabitatearen aurkako gailuak asmatzea, denboran bidaiatzeko modua aurkitzea eta argia baino azkarragoak diren garraiobideak garatzea aurki ditzakegu, besteak beste, zerrenda horretan.

Niri arreta deitu didana, ordea, hizkuntzari dagokion atalak eskuratu du. Lau “grial santu” jasotzen ditu: gramatika unibertsala definitzea, edo halakorik existitzen ez dela erakutsiko duen froga bat; idazkera-sistema ezezagunak deszifratzea, bereziki A Lineala, etruskoa eta Indus bailarako zibilizazioak erabiltzen zuena; Voynich eskuizkribua itzultzea; eta, azkenik, euskararen eta beste edozein hizkuntza-familiaren arteko harremana topatzea.

Wikipedian bertan Basque Language artikuluan irakurri dezakegunez, euskara hizkuntza “isolatua” da, eta haren jatorriaz hainbat hipotesi agertu diren arren (zientifikoak batzuk eta fantastikoagoak besteak), gainerako hizkuntzekin duen harremanari edo bestelako datuei buruzko teoria zehatzik oraindik ez da kaleratu.

Horiek dira zientzialarien egungo helburuak. Interesgarriak, ez? Gehiago jakin nahi izanez gero:

http://www.microsiervos.com/archivo/ciencia/santos-griales.html

zabaldubildudel.icio.us

Gure txokoa | Iruzkinak | Trackback Igo gora

Iruzkin bat “Wikipediaren ustez, Euskara Grial Santua da.”

  1. 01

    hala da bai!!!

    galtzen utzi ezin daitekeen altxor preziatua!

    beraz, zaindu eta erabil dezagun ahoz-aho!

    eneko-(e)k 2007 Martxoa 2-(e)an bidalia
    Igo gora

Iruzkin bat idatzi

Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.

Just another Mundua.com weblog

Meta