Austriatik bueltan…
2007 Martxoa 13
Dagoeneko iritsi gara… Larunbatean 30 orduko bidaiaren ondoren iritsi ginen Austriatik, izugarrizko aste bat pasa ondoren!

Urtero gure ikastetxean egiten den bezala, aurten ere 2. batxilergoko ikasleok Austriara joateko aukera izan dugu . Austrian astebete pasatzeko aukera izan dugu, bertako familia baten etxean. Esperientzia ezin hobea da, beste kultura, hizkuntza, ohitura, etab. ezagutzeko aukera izan baitugu. Aurtengoan Bulme ikastetxera joan gara Graz-en (Estiriako hiriburua).
Bidaiaren hasiera Andoaingo elizaren atzealdean hasi zen martxoaren 2an (ostirala), guztiok Austriara joateko izugarrizko gogoa genuela. Bidaiak, Carcasson-en eta Avignon-en geratu ondoren, 30 ordu iraun zituen. Iristean urduritasuna nabaritzen zen autobusean, inork ez zuelako jaitsi nahi baina, azkenik, bakoitza bere etxerantz abiatu ginen.
Asteburua bakoitzak bere aldetik egin zuen familiekin, nahiz eta talde txiki batzuk ere elkartu ziren.
Astelehenean guztiok eskolan elkartu ginen eta bertan ingeles klaseak izan genituen. Arratsaldean gehienok merkatal zentru batera joan ginen; beste batzuek, ordea, beste gauza batzuk egin zituzten.
Asteartea astelehenaren berdina izan zen gehienentzat, gutxi batzuentzat izan ezik. Lehengo urtean joateko aukera izan genuenok aurreko urteko eskolara joan ginen, Kaindorf-en (aurten elkartrukea beste eskola batean egin baitugu), lehengo urteko lagunak bisitatzera. Kaindorf-en pare bat ordu egon ondoren aurtengo eskolara bueltatu ginen pena handiz.
Asteazkenean Graz-eko udaletxea bisitatu genuen, eta bisita aspergarri eta luze baten ondoren talde txikietan banatu eta hainbat gauza egin genituen. Aurreko urtean egon ginenok lehengo urtean Austrian ezagutu genuen taldearekin pasa genuen arratsaldea zerbait hartzen eta lehengo urteko gauzak gogoratzen!


Azkeneko eguna, osteguna, oso azkar iritsi zen eta, nire ustez (baita askoren ustez ere), egunik onena izan zen. Austriako mendi batzuetara joan ginen. Bertan ordu betez ibili ondoren (eguraldi kaxkarra zegoen) janari tipiko bat jan genuen, oso ona zegoena! Jaisteko lerak erabili genituen eta oso esperientzia dibertigarria izan zen! Jaisten ginen bitartean elur bolak alde batetik bestera zebiltzan, nahita edo nahigabe guztiok blai utziz.
Ostiral goizean, arazotxo batzuen ondoren, autobusera igotzeko ordua iritsi zen , eta aurreko larunbatean gertatutakoaren alderantzizkoa gertatu zen: inork ez zuen autobusera igo nahi. Guztiok oso triste geunden aste bete izugarri horren ondoren agur esan behar baikenuen!
Bueltan, Venezian geratu ginen arratsaldea pasatzeko eta honek bidai luzea zertxobait hobetu zuen.
Guztiok espero dugu gure Austriako lagunak udaran etorri ahal izatea! Beraiek egin duten antzera, gure herrian primeran pasatzeko aukera emateko!


Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.