ALEGIA ERREALITATE BIHURTZEN DA
2007 Apirila 20
Horixe da eskizofrenia. Gutxi gorabehera biztanleriaren %1ek izaten du gaixotasun hau, esaterako, Espainian 400.000 pertsonak. Eskizofrenia buruko gaixotasun oso serioa da, eta pairatzen dutenei errealitatea eta alegia bereizten zaila egiten zaie. Modu logikoan gogoeta egiteko zailtasunak dituzte. Horretaz gain, beraien portaeran aldaketak dituzte, komunikatzeko, sentitzeko… gaitasuna murrizten zaie eta besteengandik aldentzeko joera izaten dute. Gaixo gehienek indar arraro batzuen kontrolpean daudela ere sentitzen dute; askok deabruak jarraitzen diela uste dute, beste askok, zenbait ekintza Jainkoaren aginduz egiten dituztela uste dute… Gaixo hauen %40tik %60ra bizitza nahasi eta zaila izaten dute, aipatutako asaldurengatik.
Gaixotasun hau agertzen hasten den adina, normalean, honakoa izaten da: gizonezkoetan 18-25 urte bitartean eta emakumezkoetan 23- 35 urte bitartean. Hala ere, lehenago edo beranduago ager daiteke baina ez da ohikoa 10 urte baino lehen edo 50 urte baino beranduago agertzea.
Eskizofreniaren jatorria ez da ezaguna, baina gaixotasun hereditarioa dela nabarmentzen dute zientifikoek. Gurasoak gaixoak badira, beraien seme-alabek %39ko probabilitatea izango dute eskizofrenikoa izateko. Arazo hau, zenbait substantziak eragin dezaketela ere ez dute baztertzen: %30-%40 bitartean gaixoak neurriz kanpo edan du alkohola; %15-%25 bitartean cannabisarekin (porroekin) arazoak izan dituzte; %5-%10a kokainaren menpe dago. Horretaz gain, gezurra badirudi ere, urtarriletik martxora jaiotako haurrek gaixotasun hau pairatzeko arrisku gehiago ere badute; amak duen birus batek haurdunaldiaren amaieran, infekzio bat eragin dezake bronkopneumoniarekin, eta horren ondorioz, seme-alabak eskizofrenikoa izateko arriskua dauka.
Gaur egun, gaixotasun honetarako dagoen sendabidea oso ona da, baina ondorengo efektuak anitzak dira: ikara, gogortasuna, ezinegona, izerdia…Buruarekin zerikusik ez duten zenbait efektu ere baditu; anemia, azala horia jartzen da, sukarra altua, asko gizendu, eta zenbait sintoma heriotzara eraman dezaketenak. Tratamendua edo terapia zaila da, horregatik, gaixoek sarri bertan bera uzten dute, sendabidearen ondorioz, okerrago bizi direla uste dute eta.

Ni neu, asko hunkitzen nauen gaia da. Hauen bizitza oso gogorra da, hain gogorra, non guk ezin baitugu pentsatu ere egin zer sentitzen duten. Beraiek bakarrik dakite zer den hori. Lehengoan aldizkari batean eskizofreniko batek esan zuenak arreta deitu zidan: “lehengoan kaletik nindoan, eta mutil bat niri begira ikusi nuen, homosexuala zela pentsatu nuen eta akabatu egin nahi nuen, pistola izan banuen akabatu egingo nuen. Gero, damutu egiten zara zure paranoiez, baina ezin duzu ezer egin, etorri egiten zaizkizu.” Hala ere, irtenbide errazik ez izatea da okerrena, ez baitakit beraien sendabideak hobetu edo okertu egiten dituen. Ez naiz sendagilea, baina beraien egoera ez dutela asko hobetzen esango nuke. Gainera, aldizkarian jartzen zuenez, jendeak beraietaz gaizki hitz egiten du edo barre egiten die. Hauek, hori ikusita, okerrago sentitzen dira eta babesa behar dutela esaten dute. Nire ustez, ez da brometarako gaia, eta halako jendearen aurrean, zaila izan arren, lagundu egin behar geniekeela pentsatzen dut.
Norbaitek eskizofreniari buruz zerbait gehiago jakin nahi badu, honako orrialde honetan sar dadila: http://www.osanet.euskadi.net/r85-13553/eu/contenidos/informacion/salud_mental/eu_4050/adjuntos/esquizofrenia_e.pdf

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.