Hernanin ondo pasa, baina ez pasa Hernanirekin
2008 Martxoa 15
Sagardotegiak oso ezagunak izan dira betidanik gure artean eta denok joan izan gara bizitzan behin bederen beraietako batera, baina askok ez dakigu sagardotegi batean izan diren pertsonek sortzen dituzten iskanbilek eta ekintzek zenbateko kaltea dakarten.
Astigarragan eta Hernanin asko dira aurki ditzakegun sagardotegiak, bertan baitaude Euskal Herriko sagardotegi gehienak eta horregatik sagardotegietara doazen pertsonek sortzen dituzten kalteak are handiagoak dira inguru horretan.
Adibide arruntena, sagardotegitik bueltan herrira zerbait hartzera doazen pertsonena da. Askotan ez dira gai beraiek egiten dituzten ekintzez konturatzeko eta askotan horrelakoak egiten dituzte: sagardotegietatik builaka jaitsi ohi dira, edozein lekutan “pixa” egiten dute, batzuetan zakarrontziak etab. puskatzen dituzte, askotan autoekin “azeleroiak” egiten dituzte etab. luze bat.
Honegatik guztiagatik, inguruko bizilagunak ez dira batere gustora izaten, askotan gauetan ezin izaten dutelako lorik egin eta gainera goizetan kalera irten ohi direnean, “pixa” usaina dago eta hainbat gauza hautsirik aurkitzen dituzte.
Horregatik, Hernaniko Udalak, zerbait egitea pentsatu zuen eta sagardozaleak nolabait ere kontzientziatu ahal izateko, mezu hau dakarten hainbat kartel barreiatu ditu herrian zehar: “Hernanin ondo pasa, baina ez pasa Hernanirekin”.
Nire ustez, oso ondo dago jendeak ondo pasatzea, baina horrek ez du esan nahi guk ondo pasa nahi dugulako, beraien etxean lasai asko lotan daudenak molestatu behar ditugunik, ez eta beraien etxe ondoa “zerri eginda” utzi behar dugunik.
Bukatzeko, beste esaldi bat gehituko nuke, gure gizartean oso ezaguna egin dena azken urte hauetan: “Ondo pasa, pasatu gabe”.



Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.